XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orduan bakotxaren euskera eta danona apur bat aberatsago izango litzatekelako.

J.M. Etxebarria

LEVISON, Stephen C. Pragmática. Versión castellana: Africa Rubiés Mirabet). Teide S.A. 1989, Barcelona 402 orr. I.S.B.N.: 84-307-7060-7

Gogoz baino gogozago jasotzeko moduko eskuliburua da oraingoan aurkeztu beharra, sei urte luzez itxoin behar izan baita Pragmatikagintzan klasiko bilakaturiko LEVINSONen ingelesezko lanak (Cambridge University Press, 1983) gaztel iraultzea jaso zezan.

Liburuaren xedea egileak hantustekeriarik gabe aitortua izanagatik: anglosaxoiar munduan pragmatika-ikerbideetan gune bilakatu diren gaien oinarrizko ezagupideen sarrera moduko eta berriematea, ez da, aitorresanen apalean ez xume ez hutsal, inondik ere.

Izan ere, Pragmatika gutartean hizkuntzalaritzako esparrurik ezezagunetarikoa dela (baita filologia-hizkuntzalaritzetako ikasleen artean ere) gauza ageri askia da.

Ezezagutzearen sustraiak bibliografiarik ugariena batipat ingelesez erabili behar izatean, gure inguruan burubide pragmatikoaren araberako ikerlan urrian, sarrera gisako eskuliburu eskazian (ia ezean) eta abarretan bilatu beharko lirateke.

Azken alde honetatik LEVINSONen lana betetzear zegoen hutsune larriaren asegarri izan zen bermoduan itzulpen ezaren ondorio zitekeen ingelesezko mundu eta gaztelaniazkoaren arteko osinaren aringarritzat jo daiteke iruzkingai dugun hau.

Egileak aitzinsolasean lanaren onak eta makurrale, ekarriak eta sartu gabe geldituak aipatu gogo ditu, irakurlea liburuaren pleguetan barna abiatzean zer kausituko duen jakinaren gainean egon dadin.

Honela, azalgarri deritzo testuinguru kontzeptu oparoegiaren zein aditzeko modu jo duen begiz adierazteari (hizketalagunak, hauen egoera eta zeregina, beroiek dakitena eta jakintzat ematen dutena, hizketa-kateak hizketaldien txandaketan duen tokia...), halaber topic/comment (mintzagaia/galdegaia) eta prosodiazkoak saihestearen arrazoiak aditzera emateari, besteak beste.

Liburuaren mamiazkoetara joz, esan dezagun zazpi atalek osatzen dutela, zein baino zein aberatsago.

Lehena (Pragmatikaren esparrua) ezinbestekoa pragmatikaren nondik-norakoak zertan diren jakin nahi duen ororentzat, bigarrenak deixia du azterpuntu, hirugarrenean elkarrizketazko inplikaturak (Grice-ren teorien azalpena ez eze berrikuste kritikoa ere badena) dira aztergaia, laugarrenak filosofian orohar eta hizkuntz filosofian bereziki horrenbeste tinta isul erazi duten aurreuste edo presuposizioez dihardu, bosgarrenean pragmatikaren teoria-zutabe diren hizketaldiak (speech acts) jorratzen ditu berauen miaketan aritu diren filosofo eta besteren aipamenik falta ez delarik, arazoa historiaren ildoan kokatuz.

Seigarrena da bereziena lanaren zabalean.

Egileak berak aitortzen du bakarrik joan zitekeela, halako teoriak gai bati (elkarrizketaren egiturari) egokituriko azterketa kutsu nabaria baitario; ez dago, horratik, esaterik lotura eza suma dakiokeenik arestiko eta geroko atalekin.

Areago, pragmatikari leporatu izan zaion teoria-usain gehiegia zuritzeko bide aproposa datekeela ere azpimarra daiteke.

Eta azken buru, mamitsu askoak diren ondorioetara iristen da zazpigarren atalean.